XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elizabetxo Elizabeth!!, honez gero handia naiz eta...... ezta? horixe baietz! Beno ba, zer uste duzu gertatzen dela ondoren? Ba... ez dakit... beharbada... zuk esan!Konforme ba...... hasi nintzaien ipuintxo bat kontatzen, ohean sartu eta errezatu ondoren, noski; oso pozik ziruditen, aho zabalik biak, loak ezin hartu.

Biak lo dira, baina ez dute ipuinaren amaiera oraindik ezagutzen, bost axola, bihar goizean, gozaltzerakoan, kontatuko diet.

Kafetxo bat prestatu dut niretzat, inoiz bukatu gabeko liburua eskuetan hartu, Tximeleta urdina deitua, eta zurrupada batekin zenbait lerro.

Bi ordu pasatu ziren eta zarata arraro batek gauaren isiltasuna erabat bortxatu zuen.

Elizabetxoren logela aldetik zetorren, eta haruntz abiatu nintzen.

Korridoreko hormak hestutzen hasi ziren, ia ia batak besteari musu ematen, beheko moketa dardaraz egonezinka gora eta behera zebilen eta sapaia zatika apurtzen... ni bertatik pasatzea nahi ez balute bezala.

Baina begiak gogorki hertsi nituen eta, emeki emeki, pauso laburra emanaz, kotoizko airean hegaz bainenbilen, arazorik gabe eta eroso, infernutar bide hura zeharkatu nuen.

Sorginkeriren bat izango ote zen pentsatu ere egin nuen, baina geroago egiak jakin araziko zidan bezalaxe neure sinesgogortasunaren agerpen bat besterik ez zen izan, zeren hormak, baita beheko moketa eta sapaia euren lekuan bait zeuden, inoiz ez mugitu izanak: nire irudipenaren traizio bat dudarik gabe.

Lo jarraitzen zuten biek, bata bestearen ondoan tximeletaren hegalak irudi.

Leihoaren bestalde zaratak, gorgarriak.

Zilarrezko argiak nekusien, egunsentiaren ihintza Estigia lakuan Carontekin borrokan bailego, eta, automaten antzera, beso eta eskuak kontrolatu ezinik, ez bait nituen ia sentitu ere egiten, leihoa zabal zabalik laga nuen: mementu benetan wagneriarra.

Haize bolada indartsu batek atzera bota ninduen eta... Ez dut gehiago oroitzen... kolpe handia hartuko nuen... ohearen ertzarekin seguraski... handik hogei minutura, espazio bat mugatzearren, ez bait dakit zenbat denbora konorterik gabe egon nintzen, agian bizitza oso bat, apika!, Ekiden, Elizabetxo eta pertsonaia ezezagun batzuen artean, beraien erdi erdian, topa nuen neure burua.

Erromatar judizioren bat zirudien edota barraskilo nabarren barne edo kanpo egitura: mugimendu eta ekintza guztiak pasibitate aktibo eta bizkortasun geldu batekin egiten ziren.

Nik neure arrebatxoa hantxe nekusan denei eskua emanda, batak bestea etengabe besarkatuz.

Ez ninduen ezagutu, arrotza nintzen berarentzat... baina kiñu bat egin zidan beste haiek gelaren txoko erdilunera paper batzuek edo aztertzera joan ziren bezain laster.

Une hartan ez nuen kiñu haren esanahia ulertu, orain ere hala hola uler dezaket.

Bueltatu ziren epaileak, egitan senadore fantastikoak, sententzia eskuetan zutela... baina... zeren sententzia?, zeinendako eta zergatik? Erantzun gabeko itaunak.

Hitzak laburrak izan ziren, zera nahi zuten, ni beraien errealitate eta egitasunaren testigu izatea, beraien izakeraren berri izan eta bizitza gonbaratu eta ezagutzea.

Ondoren, edo ondorioz, jendeari zertxobait erakutsi beharko nion, idatzitako zerbait, zeina honako lerro aldrebestu hauek izan bait litezke, jendeak edo zeuok pertsonaia hauek geure ondoan, geurekin bizi direla jakin dezazuen, nahiz eta beharbada hau norbaiti harrigarria edo txorakeriren bat iruditu.